XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezinbesteko topagune bilakatu da Durangoko Azoka.

Orixe, eztabaida gairik funtsezkoena bilakatu liburu eta disko azoka honetan. Xabier Elias. Durango

Egunotako azokaren gai literarioa, Orixe euskal idazlearen inguruan kokatu da.

Bihar bere mendurrenaren eguna dela eta, sarrera hitzaldiak eta larunbateko mahai inguruak idazle eztabaidatu hau gaitzat hartu zuten omenaldi gisa.

Sarrera hitzaldian Pablo Iztueta soziologa aritu zen Orixeren Kitton arrebarekin liburua abiapuntutzat harturik.

Larunbat arratsean, berriz, Orixe euskal gizartean gaia jorratzeko Luis Mari Mujika, euskal filologiaren irakasle, olerkari ezaguna, hiztegi egilea eta kritikaria; Santi Onaindia, egile, euskal kulturaren aldeko langile aditua eta Orixeren kidea, eta Pablo Iztueta, soziologo egile eta unibertsitate irakaslea ezarri ziren publikoaren aurrean.

Moderatzaile gisa Gotzon Garate idazle eta irakaslea izan genuen.

Orixeren inguruan laudorio eta kritika nahastu badira ere, mahai inguruan ez zen azaldu kontrako eritzirik ezta enfrentamendurik.

Alor ezberdinak ikutu arren, orohar, hildo beretik abiatu ziren.

Zentzu honetan mahai inguru sutsua baino hitzaldi aberatsa izan zen gelan.

Askoren ustez, Euskal Herriak literatura alorrean eman duen gizonik aberatsena Nikolas Ormaetxea, Orixe, izan da, esan zuen Gotzon Garatek aurkezpen gisa.

Hitza hartu zuen lehenengoa zen Luis Mari Mujika, aldiz, beste aldea hasi zen aipatzen, hau da, aski kontrobertitua eta baztertua ere izatearena.

Izan ere, fenomeno anakroniko dela azaldu zuen, hau da, XXgarren mendean XVIgarren mendeko egile mistikoen tankeran oinarritzen da eta, esaterako, mementu hartan egiten zen 27 belaunaldiaren erak baztertzen ditu erabat.

Anakronismo hori gora behera, 30garren belaunaldikoak diren Lauaxeta, Lizardi, Loramendi eta Orixe idazleren artean " euskeraz ongien dakiena bera da, eta oso ondo ezagutzen ditu euskalkiak.

Bere problema eklektizismoa da, esan zuen Mujikak.

Bere ustez, disziplina estetiko bat egiten du, eta poesia mistikoan erabiltzen duen doinu eta teknika oso fina da.

Bestalde, Mujikak kritikatu zuen poesia kultoen aurrean dagoen aurreritzia.

Ez nago ados zion gure euforia literario bertsolaritzan bakarrik jartzearekin... honekin ez dugu besteren aurrean ezer esatekorik, zeren eta jadanik lehendikan prejuziorik badago....

Aita Onaindia, bere aldetik, Orixerekin izan zituen harremanetaz mintzo zen eta Orixe behin eta berriz laudatu zuen.

Orixe da gaurko egunean eta lehen ere, euskal idazlerik onena.

Oso jakintsua, abertzale zintzoa eta jakiminez beterikoa.

Irakaskuntzan aritu zen garaia nabaritu zuen Onaindiak, hizkuntza ikertzeko eta gaiak ikasteko momenturik ederrena zen, norberak ikasi egiten du besteei erakutsiaz.

Nekazal gizartean eta Jesuitetan hezia.

Azkenik Pablo Iztueta, Orixeren ezjakindunaren aldeko kritiken aurrean bere azterketa egin zuen.

Abiapuntu gisa Ibon Sarasola eta Koldo Mitxelenaren artikulo bana hartu zuen.

Hauetan Orixeren jakinduria filosofia klasikora mugatua dela defendatzen dute bi hitzetan esateko.

Eritzi horri erantzuteko Orixeren ideologia klasikoaren zergaitiak jakin erazi zituen Pablo Iztuetak.

Hezkuntz soziologikoan baieztapen onartua da gizarte baldintzek norberaren nortasunean garrantzi nabaria dutela, eta zentzu honetan esan behar da Orixek istoria nekazal gizarterik gordinenean, Larrauneko aranean, kokatu zuela, eta hango bizimoduaren arabera itxuratua geratu zela.

Epe honek gaztaro osoa hartzen du, hamasei urte t`erdi bitartekoa.

Ondoko 19 urteak Jesus-en Konpainian egiten ditu osoko adimenaren hezkuntzari emana.

Jesuitek beren konpainiatik kanpo uzten dutenean 35 urtetako gizon larria da ez ume mukizu bat eta ordurako emana izan zaion hezkuntza Jesuitikoan suztarrak sakon botata dauzka.

Honekin batera Orixeren nortasun irmoa azpimarratu zuen Iztuetak Orixeren pentsamenduak zenbait korrenteri jasoa daukan ikusmoldearekin uko borobil egiten dio....

Jaingoikoaren aldetik at Orixek hutsune besterik ez zuen ikusten, hutsa, ezer eza, eza... - Orixe beti Orixe izango da, beti bere eritziaren esanekoa, ez inoren menpekoa, bere astoari bakarrik esaten zion arre eta jokabide honek, dakigunez aserreak, ezinikusiak, baztertua sentitzea ekarri zizkion.

Dena dela jarraitu zuen Iztuetak integrismo honek... ez gaitu eraman behar honen jakinduria gutxiestera, eta gutxiago, argudiatzera.

Bestalde, hala ere, Iztuetak kritika gisa esan zuenez, Orixe gizon ikasia, gorati eskolatua eta jakintsua bazen ere, bere pentsamoldearekin bat ez zetozen beste korrenteen aurrean erasokor agertze hori ez da onuragarri.